Feminismoa vs (Trans)generismoa

 

Feminismoa vs (Trans)generismoa

 

Madrileko kongresuan berriki onartutako (Haurren Babes Osorako Lege Organikoa) edo onartzeke dauden zenbait lege (LGTBI Legea eta Trans Legea deritzotenak, bestak beste) "genero-identitatea" eta "genero-autodeterminazioa" kontzeptuak ezarri edota sendotzera datoz. Eragindako polemikaren gako garrantzitsu bat feminismoaren funtsezko bi kontzepturi buruz egiten duten birdefinizioa da, sexua eta generoa, alegia. Genero eta sexu identitate askerako eskubidea deritzona eta emakumeak zapaltzen dituzten genero aginduak indargabetzeko borroka bateragarriak al dira?

 

Bada, ez, erabat bateraezinak dira. Genero-identitatea deritzona gizarteak eta kulturak ezarritako rol sexualei egokitzea (cis) edo ez egokitzea (trans) omen da. Abiapuntu hori feminismoaren ikuspuntutik onartezina da. Feministok emakumeei ezarritako genero-agindu edo rol-sexualen kontra borrokatzen gara. Generoa emakumeak patriarkatuaren mendeko klasera baztertzen dituen inposatutako rol soziala da. Soluzioa generoaren abolizioa da, ez generoen katalogo amaigabe bat sortzea. Genero autodeterminazioaren arazoa sexua eta generoa nahastuz eragiten den nahasmena da. Gogoratu behar da sexua errealitate bilogikoa dela eta ez dela jaiotzean esleitzen, begiratu egiten da, harekin jaiotzen baikara. Ez dago gorputz okerrik, aitzitik, genero-estereotipoak existitzen dira, hau da, sistema patriarkalak emakumeak zapaltzeko erabiltzen dituen rol sozialak.

 

hiru mende baino gehiagoko historia du. Bere sustraiak ilustrazioan hazten dira, beraz, errealitatearen analisi materialista batean oinarritzen da. "Trans" pertsonen eskubideak (transexualitatea, transgenerismoa, autoginefilia eta abar nahastu dituen termino berria)  “Queer teoriek” menderatzen dituzte azkenaldian. Generismo hori ez da materialista, esentzialista baizik. Bi jarrera antagoniko dira.

 

Feminismoak ez du ezer transexualen aurka. Baina bere analisi materialistarekiko koherentziagatik, ezin ditu bere baitan onartu gizabanakoaren subjektibotasuna besterik ez diren postulatuak. Beraz, queerismoa feminismoaren aurkakoa da. Feminista erradikalak ez gara transfoboak, “antiqueer” gara, helburu dibergenteak ditugulako. Trans izan daiteke queer izan gabe, postulatu horiekin bat egin gabe, baina kolektiboaren barruan bertan TRUSCUM deitzen diete, "Benetako zaborra".

 

Feminismoa materialista denez, ezin dio desioen eta sentimenduen teoriari jarraitu, eta ezin dio subjektu indibidualaren gorespenari lagundu. Feminismoa "inklusiboa" dela esatea ez dago ondo. Teoria orok bezala, bere ildokoa dena hartuko du eta arrotza zaiona baztertu. Feminismoa ez da munduko kausa guztien ama. Agenda argia du. Planteamendu materialistak onartzen ez badituzu, ez zara feminista. Errealitatea zure ikuspegi legitimotik aztertuko duzu, baina ez zara feminista izango. Mugimendu batekin bat egiten duzunean, haren jatorria, agenda, metodoak ezagutu eta partekatzen dituzu. Feminismoa ordezkatzea da, hain zuzen ere, queer generismoak lortu nahi duena, transaktibismoaren eta LGTBIQ+ kolektiboen bitartez. Jarrera “buenistetan”, akritikoetan edo teoria feministaren ezagutza sakonaren faltan dago errotuta ideologia hori.

 

Horregatik, feminismoa marxismoarekin (materialismo historikoa) bat dator eta kapitalismoaren aurkakoa da. Queerismoa, berriz, neoliberalismoarekin lerrokatzen  da, subjektuaren goraipamena eta norbanakoaren nahiak baitira ardatz. 

 

Feminismo neoliberala izan ezin den bezala, ezin da existitu feminismo queer bat, edo orain transfeminismoa deritzona. Feminista bazara, ezin zara queer izan. Queer bazara, ezin zara feminista izan. Ezin da materialista eta esentzialista izan aldi berean. Queerismoak feminismoan lekua egin nahi du eta, ezinezkoa denez, transfobia leporatzen zaigu. Transaktibismoa instrumentalizatu du mugimendu feminista zatitzeko. Konplexuagoa da dena. Edozelan, trans eta feminista izan zaitezke, baita feminismoaren subjektu ere, jakina.

 

Feminismoaren ikuspegitik, transexualen eskubideak bermatzeak ez ditu zertan emakumeak ezabatu, eragiteko tarte handia egon badago emakumearen ezabaketaren eta trans pertsonen eskubideak bermatzearen artean, hain zuzen ere, hortxe egin behar da lan batzuen eta besteen zaurgarritasuna saihesteko.



Iruzkinak