NORTZUK GARA?
HISTORIA LABURRA
Bizkai, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako emakume feministen sare bat gara, baina gure helburua Euskal Herri osora zabaltzea da. Gutariko batzuk beste kolektibo feminista batzuetan eta emakume taldeeetan ere antolatuta gaude, besteak ez.
EHFE genero identitatearen ideologia salatzeko sortu zen, gure Herrian ez baitzuen ia beste inork egiten. Feminismo instituzionala eta feminista* asko teoria generista horiekin lerrokatu dira. Era berean, informatuta eta prestatuta egoteko beharra ikusi genuen, piztu beharreko eztabaida hain beharrezko horri ekiteko.
Gutako askok denbora generaman ikusten doktrina azientifiko eta antifeminista hauek dena kutsatu dutela. Transgenerismoaren eta queer teorien azterketa kritikorik egin gabe, baliozkotzat hartu dira aniztasunaren eta transgresioaren izenean. Badirudi Euskal Herriko feminismoa orain transfeminismoa dela. Agenda feminista ia osorik zokoratu da, agenda transgenerista erdigunean kokatzeko. Esparru guztietatan gertatu da (instituzionala, politikoa, soziala) eta nekez uler dezakegu gure eskubideen alde hainbeste borrokatu duten aurreko feministek kuirismoarekin bat egin izana. Orain badakigu denak ez direla erori 2009. urtetik ehuntzen joan den armiarma-sare honetan.
Hori dela eta, EHFEk dibulgazio lana egiten du eta eztabaida serioa eskatzen dugu 90eko hamarkadaren erdialdean AEBn sortutako mugimendu neoliberal hau itsu-itsuan babesteko erabaki politikoaren inguruan. Kontuan izan behar dugu lege autonomikoak radarraren azpitik sartu zizkigutela.
2021eko otsailean aurkezpen publikoa egin genuen eta manifestua ezagutzera eman genuen Twiterren eta prentsan. Madrilen ordezkaritza duten Euskal Herriko legebiltzar-talde guztiei ere helarazi genien. Sareetan harrera berehalakoa izan zen, eta gero eta gehiago gara. Gu isilarazten saiatu ziren, baina dibulgazio-lanean jarraitu dugu, Euskal gizartean eztabaida serioa pizteko asmoz. Badirudi dagoeneko eztabaida hori esparru pertsonaletan ematen ari dela, hau da, gizartea zalantzan jartzen hasi da zer gertatzen ari den gaizki deitutako trans legeekin. Hala ere, lan asko dago egiteko.
Abolizionistak gara (prostituzioa, pornografia, alokairuzko sabelak, generoa, indarkeria, emakumeei kalte egiten dien guztiaren abolizionistak) eta, beraz, ildo horretan lehendik zeuden dinamiketan parte hartzen dugu, lagundu eta babesten ditugu.
Talde gisa, marra gorritzat ezarri dugu elkarlanean lagun ditugun talde horiek ez izatea “guztiz” abolizionistak. Bestalde, ez dugu estatuko inolako talderekin bat egiten modu estrukturalean, baina mugimendu abolizionista indartzeko unean uneko beharrezko lankidetzak garatzeko prest gaude.
Espektro ideologiko eta politikoaren barruan, ezkerrean kokatzen gara, hau da, gizarte-berdintasunean sinesten dugu (emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun sozial eta juridikoa bilatzen duen feminismoarentzako oinarrizko printzipioa) eta eskubide kolektiboak askatasun indibidualen gainetik defendatzen ditugu. Errealitate materialaren bidezko ezagutzan sinesten dugu, eta klaseen arteko borroka eta patriarkatuaren aurkako borroka bateragarriak ez ezik, elkarren beharrezkoak direla uste dugu. Gure burua antikapitalistatzat, arrazakeriaren kontrakotzat, antifaxistatzat jotzen dugu. Ez dugu feminismoa hori guztia gabe ulertzen, eta hori guztia ez dugu feminismorik gabe ulertzen ere.
EDUKIAK ZABALDU ETA SORTZEKO LANA
Edukiak euskaraz sortzeko eta komunikatzeko, eta generismoa euskaraz ere salatzeko beharretik abiatzen gara. Baina ez hori bakarrik.
Batez ere sareetan gaude (Twitter, Facebook, Instagram, Telegram kanalak eta Elkargunea). Twitterren eta Instagramen hasi ginen, baina berehala ikusi genuen genero-identitatearen doktrinaren gaiari buruzko informazioa ugaritzen ari zela komunikabideetan, eta telegrameko kanal ireki eta publiko bat jarri genuen abian, bertan gaiari buruzko albisteak, argitalpenak, eztabaidak eta era guztietako dibulgazio-materialak bildu eta zabaltzen hasi ginen.
Indarkeriaz, sexu-esplotazioaz, ugalketa-esplotazioaz eta infantibismoaz ere (haurrekin zerikusia duen guztia) antzeko kanalak ditugu. Azkenik, prestakuntza feministarako kanala ere badaukagu, eta horren edukia prestakuntza-jardunaldiei, hitzaldiei eta eztabaidei buruzkoa da batez ere, baina prentsa-artikuluak, ikerketa zientifikoak, liburuak eta abar ere bai. Oro har, esteka guztiak kontrastatzen ditugu argitaratu aurretik, albiste faltsuak edo hedabide ultrakatolikoak edo eskuin muturrekoak ez izateko. Geroago, eta talde-lanari esker, Facebook ere jarri dugu martxan, eta lanean ari gara Youtube kanala edukiz betetzeko, podcast propioak egiteko, etab. Sareak gure arteko komunikazio-bide gisa (koordinazioa, laguntzak, komunikazioa, etab.) espazio seguruak dira, Twitter taldea, gure Telegram taldea…
Prentsan lehenengo aldiz Carta abierta a la sociedad de Euskal Herriarekin agertu ginen, ez ziguten kasu handirik egin, baina hala ere GARA/NAIZ, Diario de Noticias eta Argia aldizkarian argitaratu zuten. La transizquierda artikuluak hautsak harrotu zituen. Gerora, zenbait komunikabidek elkarrizketak egin dizkigute, baina ez diote batere tratera egokirik eman, orain arte. Zenbait irrati podcastetan eta mahai inguru eta webinarretan ere parte hartu dugu. Espazio propioa dugu Zuzeu euskarazko hedabide digitalean. Bertan ez dago zentsurarik, eta nahi dugun guztia argitaratu dezakegu; hala ere, ingurune nahiko oldarkorra da. Orain gure blog propioa sortzen ari gara.
Talde politikoen eta erakundeen interpelazioan ere urratsak egin ditugu, horietan sakontzea helburu delarik.
EHFE I eta II TOPAKETAK
Joan den ekainaren 19an Euskal Herriko lehen Radfem topaketa antolatu genuen. Bilbon egin zen eta 30 emakume baino gehiago bildu ginen. Diskrezio handiz egin genuen, guztiontzako topaketa eta leku segurua izan zedin. Oso hunkigarria izan zen, berehala antzeman genuen elkarretaratzeak antolatzen jarraitu behar genuela, denok lagunduta eta espazio seguruetan sentitzeko. Oso jardunaldi informala izan zen, baina ideia handiak sortu ziren, ekainetik orain arte gauzatuz joan direnak. Telegrameko talde bat osatu genuen, aipatutako ELKARGUNEA izenekoa, eta zoragarria da lan egiteko dugun gaitasuna; izan ere, dakigunez, bakarrik indartsuak gara, baina elkarrekin geldiezinak gara.
Abenduaren 11an bigarren topaketa egin genuen, Bilbon ere bai, eta antolakuntzan, dinamiketan eta talde feministen arteko koordinazioan asko aurreratu genuen. Ordutik ilusio handiz gabiltza bertan zertzelatutako ideiei bidea egiten.
Orain gure indarrak 3 lan-ildo hauetan ere jarrita ditugu:
DIBULGAZIOA: Guraso elkarteetara eta kirol federazioetara eraman nahi dugu transaktibismo generistaren salaketa, eta umeengan eta emakumezkoen kirolean dituen ondorio kaltegarrien berri eman. Gainera, Eusko Jaurlaritza, Nafar Gobernua, Emakunde eta abarrak ere interpelatu nahi ditugu.
KALEAN: Aldarrikapen abolizionisten eta bereziki generoaren abolizioaren aldarria kalera atera nahi dugu, mobilizazioak, kaleko ekintzak, propaganda eta abarren bidez.
EZTABIDA: hilabeteak daramatzagu transgenerismoari buruz ikasten eta kontrako argudioetan trebatzen, eztabaidarako teknikak ikasten eta abar, aurrez aurreko eztabaidak eta mahai inguruak antolatu ahal izateko, eta hitzaldiak eman ahal izateko.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina