Zer da Feminismo Erradikalak?

ZER DA FEMINISMO ERRADIKALA? 

Kezkaz ikusten dugu askotan sexu eta genero kontzeptuak sinonimoak balira bezala erabiltzen eta trukatzen direla egunerokoan, komunikabideetan besteak beste, pandemiari buruz ari garela, indarkeria matxistari buruz ari garela, trans legeen inguruan ari garela… Baina bi kontzeptu ezberdin dira, horregatik ezin dira nahastu.

Letra hauetan oinarrizko zenbait kontzeptu argitzen saiatzea, eta horien inguruko feminismoaren eta transgenerismoaren ikusputu eta oinarriak alderatzea da gure asmoa.



Beharrezkoa da Feminismo erradikala zer den azaltzea, azaletik bada ere. Erradikala deritzo, teoria feminista hau emakumeen opresio edo zapalkuntza sistemaren sustraietara doalako.
Eta zein da zapalkuntzaren erro hori? Sexua, hain zuzen ere, sexuari lotzen baitzaizkio genero estereotipo, ezaugarri eta baldintza sozialak.


Sexua errealitate biologikoa da, beraz, adiera biologikoa du: Genitalitatea, ugaltze-aparatua, prozesu hormonalak, sexu bakoitzeko gaixotasun espezifikoak, sexuaren araberako patologia bereizgarrien azerketak eta abar.

Generoa, berriz, sexu bakoitzari ezartzen zaion eraikuntza soziala da, emakumeak zapaltzeko erabiltzen den tresna, alegia. Besteak beste, sozialki eta kulturalki eraikitako rolak, portaerak, jarduerak, atribuzioak eta estereotipoak dira.

Genero ezarpenik gabe, aske izango ginateke denok, emakumezkoak zein gizonezkoak, norberaren ezaugarri biologikoak edozein izanda ere, nahi genituzkeen izaera, gustuak, ikasketak, jolasak edo jantziak izateko eta garatzeko libre. Hori da, hain zuzen ere, feminismoaren borroka.

Beraz, sexismoarekin eta emakumeen zapalketa patriarkalarekin bukatzeko, generoaren abolizioa ezinbestekoa da, generoa deuseztatu behar dugu, alegia. Beraz, feminismoa, abizenik gabeko feminismoa, abolizionista da.





Esanahiari dagokionez, feminismoaren ikuspuntutik, generoa sexu bakoitzari ezarritako estereotipo eta rolen multzoa da. Horietan oinarrituta, modu bereizgarrian sozalizatzen eta hezten gara (eta gaituzte), baita modu inontzientean ere. Sexu bakoitzeko norbanakoek euren nortasuna garatzen duten moduan ere eragiten du generoak.

Transegerismoaren ikuspuntutik, berriz, generoa identitate gisa ulertzen da. Norberaren barne bizipena da eta pertsona bakoitzak sakon sentitzen du modu desberdinetan. Hori dela eta, genero anitzak daudela defendatzen dute: gender fluids, ez binarioa, emakumea, gizona, ageneroa…

Funtzioari dagokionez, feminismoaren azterketan, generoak sexu bien arteko ezberdintasun sozial, politiko, ekonomiko, kulturaletan eta abar nola eragiten duen aztertzen du, nola eragiten duen ezberditasun horien sorreran, erreprodukzioan eta betikotzean.

Transgenerismoaren ikuspuntutik, berriz, generoaren funtzioa norberaren nortasuna osatzea eta berrestea da. Hortaz, generoa naturalizatu egiten da, emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak, sozialak eta kulturalak direla ulertu beharrean (eta beraz, deusezteko modukoak), generoa esentziala dela ulertzen dute, hau da, arima femenino eta maskulinoak daudela, gizona eta emakumea izateko berezko modu naturalak badirela eta gorputz erratuan jaiotzea posiblea dela. Hau da, norberaren jaiotzatiko esentzia maskulinoa edo femeninoa (edo ez binarioa eta abar) ez datorrela bat norberaren gorputzaren ezaugarri biologikoekin.

Ikerketari dagokioez, feminismoak generoa sexismoa iraunarazteko tresna gisa ulertzen du. Ez dago mutilen eta nesken gauzarik, horiek uste sozial eta kulturalak dira. Sexuak berez ez ditu definitzen izaerak, janzkerak edo jokamoldeak, eta horiek guztiek ez dute zehazten zer garen, edota zein de gure sexua, nahiz eta gizartea sexuan oinarritu, izaera, janzkera edota jokamolde zehatzak inposatzeko, generoaren bidez, hain zuzen ere.

Transgenerismoa, berriz, identifikatu egiten da generoaren azaleko alderdiarekin (estereotipoak eta rol sozialak) eta nolakoak garen zehazten du, Gizonen eta emakumeen gauzak daudela ulertzen du, eta beraz, batzuekin edo besteekin identifikatzeak zure sexua zehazten du, emakumea edo gizona zaren determinatzen du. 

Kontzeptu hauetan guztietan (feminismo erradikala, sexua, generoa eta abar) gehiago jakin edo argitu nahi baduzue, galdetu beldurrik gabe, gustura argituko ditugu zuen zalantzak.








Iruzkinak