Urtebete igaro ondoren...
Urtebete da jada Podemosen Trans lege deiturikoaren proiektuaren aurkako manifestua argitaratu genuenetik. Berariaz filtratutako zirriborroa izan zen, feminismoaren arreta emakumeoi zuzenean eragiten diguten arazo errealengandik aldentzeko.
Historiako gobernu aurrerakoiena transgenerismoaren lobbyaren esanetara makurtu da, beste estatu batzuetako gobernuak bezalaxe, aurreikus zitekeen gisan, baina nolabaiteko abantaila ematen digu estatuko feministoi. Horrelako legeen ondorio sozialek ume eta nerabeei eragiten diete, eta feminismoaren sorbalda gainera datorren beste gudu bat da, gure borrokak eta erresistentziak fronte gutxi edukiko balitu bezala.
Queer fenomenoaren eta transaktibismoaren inguruko gure kezkak partekatu ditugu jendartearekin, analisi politiko eta material batetik; haiek hamarkada bat zeramaten jada aniztasun faltsu baten izenean feminismoaren subjektua arriskatu nahian. Troiako zaldi gisa ezaguna den fenomeno baten aurrean geunden.
Emakumeon zapalkuntzaren kontrako borroka sozialean urteak daramatzaten kolektibo feministek ezin zuten halako legeen inguruan iritzirik eman, zentsura berehalakoa baitzen.
“TRANSFOBIA!”ren akusaziopean gure ahotsen isilaraztea hain zen erabatekoa, edozeinen erantzuna atzera egitea izan ohi dela.
Hilabeteetako hausnarketen ondoren, aurrerapauso bat ematen ausartu ginen, euskal feminismoa queer transgenerismoaren guda honetan kokatuz, ofentsiba kapitalista neoliberalak aniztasunez mozorrotzea lortu baitu, gol ikusgarri bat sartuz estatuko ezkerrari eta aurrerakoitxoei. Bitxia da mugimendu libertarioak izan direla teoria irrazionalok bereganatzen lehenak, ikusten eta onartuko ez duten ridikulu latza eginaz.
Transfobia bezala seinalatua eta kritikatua izan zen manifestua hedatu genuen, eta dokumentu horretan eta argitaratu ditugun guztietan bilatu arren ez dugu leporatzen zaigunaren zantzurik aurkitzen; izan ere, feminismo inklusiboa sutsuki defendatzen dutenengan zalantza egin baino lehen egingo dugu zalantza geure buruengan, baina ez. Feminismoak marko teoriko oso argia dauka, eta marxismoak burgesiaren edota patronalaren alde egiten ez duen bezala, feminismoak, bakarrak, ezin du gizonezkoen eskubideen alde egin, beraien sentimenduak direla direnak.
Solipsismoak edo indibidualismoak kapitalari baino ez diote mesede egiten eta hori da Butler bezalako atzerakoi batek bultzatutako queer teoriek bilatzen dutena. Pixka bat sakondu ezkero kontraesanez josita ikusten diren teoria hauek ez dira gauza izan, brillantina tonak isuri arren, darien homofobia, lesbofobia eta misoginia ezkutatzeko.
Urtebeteren buruan tinko jarraitzen dugu, egunero oroitaraziz ez daukagula ezein fobiarik transexualekiko, 80. Hamarkadatik haien borroketan bidelagun izan gaituztenak.
Gure fobia patriarkatuarekikoa da, eta kapitalismo neoliberalarekikoa, emakumeon gorputzak are eta gehiago merkantilizatzen asmatu duena, eta bidenabar gizonezko oso boteretsuen filia lizunak normalizatzen ere bai, areago, aniztasunaren aterkipean pedofilia bera normalizatu nahian dabilena.
Urte batzuen buruan, transgenerismoaren aurkako guda galtzen badugu, gure neskato eta nerabeen pusketatxoak jaso beharko ditugu, gizonezkoen mesederako sexu-objektu bihurtzen dituen jendarte batetik ihes egin nahian euren gorputzak eta bizitzak txikituko dituztenak, euren osasunarentzat oso kaltegarriak diren tratamendu atzeraezinen bitartez.
Hau gertatzen denean alderdi politiko, sindikatu eta erakunde feministek* haien erantzukizuna onartu beharko dute, eta ordaindu egin beharko dute, esan gabe doa.
Gogoratu: emakumeok gizonezkoek zanpatutako klase sexuala izaten jarraitzen dugu, baina borroka hau irabazi egingo dugu, feminismoa baita iraulketa sozial bat lortzeko gauza den marko teoriko bakarra, horregatik nahi gaituzte suntsitu.
Ez dute lortuko, feministok pazientzia eta erresistentzia gaitasun handiak dauzkagu, gutxietsi egin gaituzte.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina