Trantsizio medikoaren ondorioz, orgasmorik ez

Pubertaroaren aurretik trantsizioa egiten duten haurrek ez dute inoiz orgasmorik izango.

Duela gutxi Duke-ko Unibertsitatean (Durham, Ipar Carolina) “Politikak, arreta, praktikak eta trans eta genero anitzeko pertsonen ongizatea” gaiari buruzko hitzaldi batean, Marci Bowers doktore eta zirujauak onartu zuen pubertaroaren aurretik trantsiziotik igarotzen diren haurrek ez dutela inoiz funtzio sexual heldurik izango, ezta orgasmorik ere.

“Ikusi nuen gauza bat da”, adierazi zuen Bowersek, “Tanner 2. etapa  (hormonak bigarren mailako sexu-ezaugarriak garatzen hasten direnean) baino lehen blokeatzaileekin hasten diren haur edo nerabeek (mutikoek) ez dutela inoiz orgasmorik izango. Esan nahi dut: zero”.

Horrek “baimen informatuaren” kontzeptuari buruzko alerta-seinaleak piztu beharko lituzke beren trantsizioa egiten ari diren edo hasi nahi duten haur eta nerabeentzat. Nola onar dezake haur batek edo nerabezaro-aurreko batek, inoiz sexu-gogobetetasunik, orgasmorik edo sexu-intimitaterik izan ez badu, horri guztiari uko egitea?

Baina nor da Marci Bowers? Feminista sutsuren bat, akaso? Ezta gutxiago ere. Bowersek berak trantsizioa egin zuen 37 urterekin, zirujaua da eta harrotasunez dio 2000 erditzetan lagundu duela eta 2000 zikiratze (kastrazio) egin dizkiela transgenero gisa identifikatzen diren gizonezkoei, baginoplastiak eginez. Bowers aitzindaritzat hartzen da “generoa baieztatzeko” kirurgiaren arloan. 

ABC telebista-kate iparramerikarrak “kirurgia transexual bat egiten duen munduko lehen pertsona transexuala” zela esan zuen Bowersi buruz 2015ean, eta adierazi zuenez, “Marci Mark bezala jaio zen, eta beti sentitu zen gizon baten gorputzean harrapatutako emakumea balitz bezala”. Bowersek hiru seme-alaba izan zituen “genero-baieztapen” kirurgia egin aurretik, eta prozesu hori “sinestezina” zela esan zuen.

Prozesu “sinestezin” horren zati bat, Duke-ko Bowersen hitzaldiaren arabera, nerabe batek duen sexu biologikoa izan nahi ez badu, pubertaroa blokeatzaileekin geldiaraz dezakeela da, Lupron izeneko botika batekin, eta gero beste sexuko hormonak hartu,  gorputzaren itxura beste sexuarena izatera hurbil dadin. 

Bowersen ustez, bi arazo nagusi daude pubertaro naturala esperimentatu aurretik “genero-baieztapen” medikoa jasaten duten haurrekin. Arazo handiena, Bowersen arabera, kirurgiak ezin duena konpondu, ebakuntza asko eginda ere, funtzio sexualik eta plazer sexuala lortzeko gaitasunik ez izatearen arazoa da.

Bowersek, trantsiziotik igaro aurretik hiru seme-alaba izan zituenak, adierazi zuen arazo horrek “baimen informatuaren ereduak” aldatu beharko lituzkeela, haurrei esaten baitzaie zeri egiten dioten uko: funtzio sexuala, plazer sexuala, harremanetan intimitatea, seme-alabak izatea, eta onartu egin behar dute, hori guztia zer den jakin aurretik.

Bestalde, milaka paziente ikusi eta trans medikuntzan “aitzindari” den Bowersek esan zuen kezka gehigarri bat dela haur bat prozesu horren mende jartzen denean, zakila ez dela hazten, eta horrek zaildu egiten duela material genital hori hartzea gero kirurgikoki kontrako sexuaren genital-eremuaren itxura emateko. (Baginoplastia).

Baginaren itxura sortzeko eta neobagina baten irekidura estaltzeko genital-material nahikorik ez dagoenean, askotan gorputzeko beste atal batzuk erabiltzen dira. Transgender Surgery Thailand klinikak adierazi duenez, bi teknika ohikoenak zakila inbertitzeko baginoplastia eta ipurtestearekin egindako baginoplastia dira. 

Neobagina bat sortzeko material nahikorik ez izatearen arazoa Jazz Jennings “trans nerabeak” bizi izan zuen, zeinak umea zenean trantsizioa publikoki bizi izan zuen, telerrealitate programa bat eta elkarrizketa asko tarteko. Jenningsek adierazi zuenez, “Behean ez nuen hazkunde nahikorik izan. Beraz, ez zegoen baginoplastia lantzeko adina ehunik. Eta oso zaila izan zen mediku bat aurkitzea, ebakuntza egiteko prest zegoen ziurujau bat, oso kasu zaila bainaiz”.

Bowersen arabera, “kasu zail” mota hori zikiratzeko eta ebakuntza egiteko asmoz pubertaroko blokeatzaileak hartzen dituzten haurren kasuan espero daitekeena da.

Floridako estatuak aldaketak egin ditu “genero baieztapenaren arretarako” gidan, eta transfobiatzat jo dute, jakina. Joseph Lapado Floridako zirujau nagusiak esan duenez, genero-disforia duten haurrek (‘genero-identitate’ sentimenduaren eta jaiotza-sexuaren arteko deskonexio larri bat) familiaren babesa jaso behar dute eta aholkularitza bilatu behar dute, 18 urte bete baino lehen erabaki atzeraezin batera ez bultzatzeko“. Adierazi zuenez, “Suedia, Finlandia, Frantzia eta Erresuma Batua, besteak beste, gaur egun haur eta nerabeengan genero-disforia tratatzeko neurriak berraztertzen, birebaluatzen, gelditzen edo zuhurtzia gomendatzen ari dira”.

“Gaur egungo ebidentziak ez du babesten pubertaroko blokeatzaileen, hormona-tratamenduen edo haur eta nerabeentzako prozedura kirurgikoen erabilera”, esan zuen Lapadok. Baina Etxe Zuriak seme-alabak “baieztatzera” animatu ditu gurasoak, antzutasuna eta funtzio sexualik eza alde batera utzita. Justizia Sailak jomugan ditu helmuga horretatik haurrak eta nerabeak babesten dituzten estatu horiek.

Hurbilagora etorrita, batetik, Cloe haur transgenero eta influenserra daukagu, hemen bere “testigantza”.

Bestetik, Katalunian, Familia eta Komunitate Medikuntzako Kataluniako Elkartearen etika taldea berriki oso kritiko agertu da “genero-baieztapen” deritzon terapiarekin. Hemen agiria.

Trantsizio medikoaren ondorioz, orgasmorik ez

Iruzkinak