SEXUA BITARRA AL DA? ZER DIO BIOLOGIAK?
Giza espeziea bitarra al da? Zer dio biologiak?
Sexua dikotomikoa da (bitarra), sexu bidezko ugalketa duten organismoak diploideak baitira, hau da, kromosomen bina sorta dituzte, eta hortaz, gene gehienen bina ale, bata amarengandik jasoa, eta bestea aitarengandik. Geneen bina ale edukitzea moldaerazko abantaila izan daiteke, bat espresatzen ez bada, bestea baitago.
Sexua dimorfikoa da, sexu bidezko ugalketa duten organismo askotan, sexu-mota bakoitzeko banakoek sexu bereko besteen antzeko ezaugarriak eta beste sexuarekiko desberdinak diren zenbait ezaugarri agertzen baitituzte.
Sexu bidezko ugalketan zatiketa berezi bat gertatu behar da: meiosia, non kromosoma-kopurua erdira murrizten den, hortaz, kromosoma sorta bakarra (haploidea) izango duten zelulak lortzen dira: gametoak.
Sexua dimorfikoa da, gametogenesia ahalbidetzen duten egiturak (gonadak) desberdinak baitira gameto mota bakoitzerako. Baita gameto horien fusioa (ernalketa) ahalbidetzen duten egiturak eta sortutako zigoto diploidea garatu eta banako berria sortzeko behar diren egitura eta mekanismoak ere.
Sexu gametikoa dimorfikoa da, sexu bidezko ugalketa duten espezie gehienetan, banako batzuk gameto handi eta kantitate gutxi ekoizten dituzte, enbrioiaren garapena hasteko behar diren ezaugarriak dituztenak, eta beste batzuk gameto txiki eta mugikor ugari sortzen dituzte, nagusiki material genetikoa garraiatzen dutelarik.
Anisogamia (gameto desberdinak sexuaren arabera) abantailatsua izan daiteke, gameto txiki asko ekoizteak espeziearen aldakortasuna areagotzen baitu, hortaz, bizirauteko gaitasuna hobetzen da. Ugalketa sexuala duela 1200 milioi urte agertu zen. Naturan irmoki errotutako mekanismoa da, eraginkorra baita.
Landare, molusku, anfibio eta narrasti batzuen kasuetan salbu, naturan ez dira ohikoak organismo poliploideak (kromosoma sorta bi baino gehiago dituztenak). Bi gameto nahikoa dira banako berri bat garatzeko. Ez dago hirugarren gametorik, ezta tarteko gametorik ere. Gameto emeak (handiak) eta arrak (txikiak) daude.
Sexu-bereizketaren ondorioz, banakoak bere kromosomek zehaztutako gameto mota ekoizteko behar diren organo, egitura eta prozesu fisiologikoak garatzen ditu. Enbrioiaren garapenean lehen mailako bereizketa gertatzen da (sexu karaktere primarioak) eta pubertaroan, bigarren mailako sexu karaktereak.
Espezie batzuetan banako bakar batek bi sexuen egiturak garatu ditzake, aldi berean edo normalean txandaka edo sekuentzialki. Espezie hermafroditak dira.
Hermafroditak ere bitarrak dira, gametoak dituzte eta arren eta emeen ugalketa egiturak dituzte. Ez dira tarteko zerbait. Biak batera dira.
Sexu-bereizketa enbrioi fasean hasten den eta geneek kontrolatzen duten prozesu konplexua da. Batzuetan prozesu horretan asaldurak gertatzen dira. Orduan sexu garapenaren edo DSD (edo intersexuala) nahasteak agertzen dira.
DSD duten pertsonak ez dira hermafroditak, ez hirugarren sexua, ezta bitarteko sexua ere. Honela diagnostikatzen den osasun egoera duten gizonak edo emakumeak dira.
Kromosoma sexualek edo heterokromosomek zehazten dute garapena, hauek izan ahal dira XX edo XY. XX kromosoma homologoak dira eta beste kromosometan bezala, gene bakoitzaren bina ale dituzte. XY kromosomak, aldiz, ez dira homologoak, soilik dute komuna den eskualde bat (parekatze segmentua), beste eskualdean (segmentu diferentziala) dauden geneen ale bana daramate.
Y kromosomaren segmentu diferentzialean SRY genea egoten da, honek enbrioian barrabilen garapena estimulatzen duen proteina kodetzen du. Esan daiteke SRY genea agertzeak edo horren gabeziak zehazten duela banakoaren sexua, ez baitago obulutegien garapena erregulatzeko gene parekorik, hau da, SRY ez badago, obulutegien garapena lehenesten da.
Ohikoak ez badira ere, zenbait mutazio kromosomikok ondorio fenotipiko desberdinak sortaraz ditzakete, esate baterako SRY ez funtzionala izatea, ez da espresatzen eta fenotipo femeninoa agertzen duen XY indibiduoa sortzea. Gerta daiteke ere SRY genearen translokazioa X kromosomari eta honek fenotipo maskulinoa duen XX indibiduoa sortzea.
Mutazio genomikoak ere gerta daitezke, kromosoma-kopuruari dagozkionak, adibidez X bakarra duten emakumeak (Turner sindromea), XXY duten gizonak (Klineffelter sindromea), XYY duten gizonak (duplo Y sindromea) edo XXX duten emakumeak ( triplo X sindromea).
Hortaz, esan ahal dugu asalduraz asaldura, mutazioz mutazio, ez dagoela inongo kasurik non banako batek hirugarren gonada mota, are gutxiago hirugarren gameto mota, agertzen duenik.
Giza banakoen artean aldakortasun genetiko handia dugu, eta horrek aldakortasun fenotipikoa edo itxura desberdina izatea dakar. Garaiak edo txikiak, gizenak edo argalak, beltzaranak edo ilehoriak gara... Aldaketa horietako batek ere ez du gizateriaren mailaketarik adierazten.
Aldaketa fenotipikoa lehen eta batez ere bigarren mailako sexu ezaugarrietan ere ikusten da. Ile gehiago edo gutxiago dugu, sexu-organoak handiagoak edo txikiagoak... Ezaugarri horietako betek ere ez du maskulinitate edo feminitate gehiago edo gutxiago adierazten.
Sexua kategoria biologikoa da, genetikoki kontrolatua. Dikotomikoa eta aldaezina da. Eta gure zelula guztietan (globulu gorrietan eta plaketetan izan ezik, nukleorik ez dute eta), organoetan eta ehunetan dago.
Gure itxura fisikoa, gure metabolismoa, geneen adierazpena, gure profil hormonala baldintzatzen ditu eta, batez ere, espeziaren ugalketan joka dezakegun papera zehazten du.
Sexuak ez ditu gure gustuak, arrazoitzeko dugun gaitasuna, portaera, trebeziak, emozioak, indarguneak edo gabeziak zehazten. Sexuak ez du gure gizatasuna zehazten.
Sexuak ez du gure izaera zehazten.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina